Gizartea -
'Marigoran kikunbera'
Milaka lagun bildu dira Bermeoko Ibilaldian
Nobedade gisa, arrain gunea egon da aurtengo ibilaldian, Bermeoko ohiturak ezagutzera emateko xedez. Euri apur bat egin duen arren, antolatzaileak pozik daude parte hartzearekin.
Erredakzioa
Hamarka mila lagun bildu dira Bermeon Ibilaldiaren, ikastolen jaien, XXXII edizioan. Itsasoa eta arrantzaleak izan dira aurtengo omenduak. ''Marigoran kikunbera'' esaera zaharra da Bermeoko Eleizalde ikastolak antolatuko duen Ibilaldiaren leloa.
Egunean zehar euri pizka bat egin duen arren, antolatzaileak pozik daude parte hartzearekin. Bost gunetan banatutako 6,77 kilometro ditu 32. edizio honetako ibilbideak, eta ibilaldiaren zatirik handiena kostaldean egon den arren, landa-auzoetan barrena ere ibiliko dira Bermeora hurbiltzen diren lagunak.
Besteak beste, Betagarri, Gatibu edota Anje Duhalderen kontzertuak eta haurrentzako nahi beste jolas izan dira Bizkaiko ikastolen aldeko eguna giro ederrean pasatzeko.
Itsasoa eta ohiturak
Nobedade gisa, arrain gunea egon da aurtengo ibilaldian, Bermeoko ohiturak ezagutzera emateko xedez.
Bestalde, itsasoaren alde lan egin duten zenbait erakunde eta pertsona ere omendu dituzte.
Antolatzaileak
Herriko ikastola txiki geratu da, eta azpiegitura berrien beharra dago, euskararen mareak gora egin eta euskazaleek itsaso horretara buruz behera salto egiten jarrai dezaten, Juan Carlos Gomez Ikastolen Elkarteko presidenteak adierazi duenez. Horrretarako erabiliko dute aurten ibilaldian lortzen den dirua.
Garraio publikoa Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dagoen EuskoTren sozietate publikoak garraio zerbitzu publiko berezia eskaini du Ibilaldia 2010 dela eta.
Zerbitzu horrek Bilbo/Atxuri-Bermeo linean 147 tren eta 60 autobus (30 Muxika eta Lurgorri bitartean eta beste 30 Forua eta Busturiako Itsabegi artean) jarri ditu zirkulazioan.
Gainera, EuskoTrenek Bilboko tranbien zerbitzua indartu du eta Atxuri-Basurto linean, eta guztira 156 zirkulazio eskaini dira.