Gizartea -

Berdintasun Plana EAE-n

Emakumeek gizonek baino % 8,5 gutxiago kobratzen dute administrazioan

Jaurlaritzak lehen berdintasun plana onartu du, EAEko administrazioan ezartzeko.

Argazki: EiTB
Argazki: EiTB
Argazki: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakumeak gizonak baino gehiago dira EAEko administrazioan, baina gizonezkoek baino gutxiago kobratzen dute, eta buruzagitza gutxiago daude euren esku, Eusko Jaurlaritzaren ikerketa batean ondorioztatu dutenez.

Gasteizko Gobernuak emakumeen eta gizonen arteko lehen berdintasun plana onartu du astearte honetan, administrazioan ezartzeko. Horren baitan, 26 neurri sustatuko dituzte, bi sexuen arteko lan baldintzak parekatzeko.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Administrazio Publiko eta Justizia sailburuak txosten honek aurreikusten dituen ekintza nagusiak azaldu ditu Gobernu Kontseiluaren ostean, eta sindikatuekin elkarlanean osatu dutela jakinarazi du.

Egitasmoan ia 7.000 langile publikoen lan baldintzak aztertu dituzte, eta sei ekintza eremu eta 26 neurri zehatz aurreikusten ditu emakumeek pairatzen duten desberdintasun egoera konpontzeko.

Besteak beste, langileen "gehiengo zabala" emakumezkoa dela (% 62) ikusi dute, baina gizonezkoek baina lan ezegonkortasun handiago dutela, eta horietako % 87,17k familia eta lana uztartzeko neurriak eskatzen dituztela. Gizonezkoen artean, soilik % 12,8k eskatu dituzte gisa horretako neurriak.

Bestalde, gizonezkoek emakumezkoek baino % 8,5 gehiago irabazten dute, baina ez omen da soldata diskriminazio zuzena, baizik eta emakumeek maila baxuagoko lanpostuak eta soldatak eskuratzen dituztela familia eta lana uztartzeko neurriak hartzen dituztelako.

Administrazioan lan egiten duten 6.971 lagunetik 4.310 emakumezkoak dira, eta 2.661, gizonezkoak. Lehenengoak egoera ezegonkorragoak dira, plaza finkorik ez duten bitarteko langileen % 66 eta behin behineko langileen % 64,8 baitira.

Gainera, emakumeek antzinatasun txikiagoa dute, "80ko hamarkadako lan merkatua oso gizonezkoena zelako".

Era berean, bulego nagusietako langileen artean gehiengo zabala gizonezkoak direla nabarmendu dute.

Egitasmoaren neurriak

Onartutako neurrien artean, generoaren ikuspegia sartuko dute bai txosten eta egitasmo estrategikoetan, bai langileen kudeaketarako prozesuetan eta eskuliburuetan.

Hautaketa, sarbide eta hornidura prozesuekin lotutako dokumentazio guztia berrikusiko dute, berdintasunaren alorreko araudia betetzeko helburuarekin.

Familia eta lana uztartzeko neurrien eragina, eta eszedentzietan eta murrizketetan ordezkorik ez jartzeak eragiten duena aztertuko dute lankideei kalterik ez egiteko.

Neurri zuzentzaileak ezarriko dituzte soldaten aldea murrizteko, eta gida bat osatuko dute familia eta lana uztartzeko neurrien, ordutegien eta baimenen inguruan.

Sexu jazarpenari aurre egiteko protokolo bat ere osatuko dute, eta indarkeria matxistaren biktimek dituzten eskubideak eta baliabideak jakinaraziko dituzte.

Egitasmoak ez die Eusko Jaurlaritzak zuzenean hautatzen dituen goi-kargudunei eragingo, ez direlako Administrazioko langile iraunkorrak, baina batzorde batek txostenean jasotako neurrien jarraipena egingo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea