Gizartea -

Hezkuntza Sailaren zirkularra

Beloa daramaten nesken eskolaratzea ez oztopatzeko eskatu dute

Joan den ikasturtean polemika izan zen Gasteizen, beloa zeraman neskato musulman baten eskolaratzea zela eta.

Emakume bat beloarekin. Argazkia: Flickr
Emakume bat beloarekin. Argazkia: Flickr
Emakume bat beloarekin. Argazkia: Flickr

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak zirkularra igorri die Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei buruan zapia daramaten nesken eskolaratzea ez oztopatzeko eskatuz.

Hezkuntza Sailak joan den ikasturtean Gasteizko ikastetxe batean izandako polemika berriro errepikatzea saihestu nahi du.

Eskola horretan debekatuta dago burua edozein motatako arroparekin estalita eramatea eta, beraz, neskatila musulman bati beloa jartzea debekatu zioten. Gurasoek, baina, ez zuten onartu euren alabak beloa kendu behar izatea gelan sartzeko.

Bi aldeak adostasun batera heltzea ezinezkoa izan zen, eta Hezkuntza Sailaren Ikuskaritzak esku hartuta, behin-behineko soluzio bat topatu zuten: neskatoa ezin izan zen beloarekin klasean sartu, baina bai ikastetxean. Irakasleak zuzendaritzaren gela batera joaten ziren eta han ematen zizkioten klaseak.

Hezkuntza Sailaren oharrak dio beloa daramaten ikasleei ez zaiela eskolaratzea oztopatu behar eta zapia eramatea baimenduta ez duten ikastetxeei araudia aldatzeko aukera azter dezatela eskatzen die, “hezkuntza barneratzailearen ikuspuntutik eta aniztasuna kontuan hartuta”.

Horrez gain, Hezkuntza Sailak azpimarratzen du Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleria gero eta globalizatuagoa den munduan bizitzeko prestatu behar dela eta horretarako oso garrantzitsua dela kultura bakoitzak dituen beharrizanei erantzuteko gaitasuna izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa argazkiak Gizartea Gasteiz berriak Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza sistemako albisteak