Gizartea -
Bilbo
Termibusen behin-behineko geltokiaren lanak, datorren astetik aurrera
Bi hilabete iraungo dute beharrok. Geltokiak 20 nasa izango ditu, eta autobusei heldu ahala emango diete aparkatzeko lekua.
Agentziak | Erredakzioa
Termibuseko geltokiak azken egunak ditu gaur ezagutzen dugun eran. Izan ere, urtea amaitu baino lehen izango da prest behin-behineko geltokia, asteazken honetan onartu baitu Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak proiektua. Lanak datorren astean hasiko dituzte, eta bi hilabeteren buruan bukatu.
Behin-behineko geltoki hori orain dagoenaren ordezkoa izango da, eta Bilboko Lurpeko Intermodala egiten duten bitartean egongo da erabilgarri, Bilboko Udalak ohar batean azaldu duenez.
Behin-behinekotasuna ez da oztopo izango, proiektuaren arabera, "gaur egun Termibusen eskaintzen diren zerbitzu berberak" emango dituelako, Udalaren hitzetan.
Lanok bi hilabete iraungo dute, eta lekualdaketa egiteko eguna autobusen konpainiekin adostuko du Udalak, puntako uneetan –oporretan, zubietan…- autobusen joan-etorrietan arazorik egon ez dadin.
Geltokiak 20 nasa eta autobusak aparkatzeko sistema operatibo berria izango ditu, heldu ahala emango baitzaie lekua, eta ez toki finkoa, orain arte bezala.
Nasak arrain baten hezurduraren itxuran antolatuko dira, eta sarrera-irteerak orain artekoak izango dira: Gurtubay kaletik sartuko dira autobusak, eta Luis Briñas kaletik irtengo dira. Autobusen zain egoteko lekua ere egongo da.
Gaur egun Termibusen errepide bidez garraiatzeko eskaintzen diren zerbitzuen artean, geltokiko zerbitzu osagarriak ere badaude: kafetegia, kontsigna, leihatilak, informazioa, itxaron-gela… Zerbitzu horiek nasen ondoko erakineko beheko eta lehenengo solairuetan egongo dira.
Intermodala, 2018an
Garellanoko geltoki intermodala errepideko garraioaren Bilboko eta Bizkaiko geltoki intermodala izango da, bertan elkartuko baitira tranbia, hurbileko trenak, bizkaibusak, bilbobusak, metroa, taxiak eta autobusak. Horrez gain, Abandoko geltokiaren osagarri izango da, geltoki hori trenbideetako garraioko geltoki intermodala izango baita.
Lurpeko geltoki intermodala funtsezkoa izango da auzoaren eta hiriaren garapenean zein etorkizunean. Ez da autobusen joan-etorririk egongo ez lur gainetik ez Luis Briñas kaletik eta, hala, bertako trafikoa baino ez da egongo. Sarbidea Gurtubay kaletik izango du eta ingurunean izango dituen eraginak gutxituko ditu. Gainera, 7.500 metro karratu libre geratuko dira, bertan plaza bat egiteko.