Gizartea -
Indarkeria matxista
'Paul Abasoloren fitxaketa arazo soziala da'
Portugaleteko Mugimendu Feministak "konpromiso falta" leporatu dio Udalari, herriko futbol taldeak indultua jaso zuen sexu erasotzaile bat fitxatu eta gero.
David Perez | eitb.eus
Portugaleteko (Bizkaia) Mugimendu Feministak "konpromiso falta" egotzi dio Udalari, herriko futbol taldeak Paul Abasolo futbolaria fitxatu ostean. Jokalariari hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, hiru emakumeri sexu abusuak egiteagatik, baina Espainiako Gobernuak indultua eman zion 2011n, eta, horrenbestez, ez du zigorra bete eta bere kirol ibilbidea egiten jarraitu ahal izan du.
Horren ildotik, mugimendu feministak gogorarazi du Abasolo ez dela damutu, eta horren fitxaketa "arazo soziala" dela. Gainera, "eredugarria izateko eta erantzukizunez jokatzeko konpromisoei huts egin izana" leporatu dio futbol klubari. Are gehiago, sexu erasotzailea "babesten" eta hari "proiekzio publikoa" ematen dion bitartean, emakumeen eskubideen aldeko borroka "kriminalizatzen" ari dela deitoratu du.
Igandean, hainbat feminista kanporatu zituzten Portugaleteko La Florida futbol zelaitik, Abasoloren aurka protesta egiteagatik. Gaur, prentsaurrekoa eskaini dute, eta egun hartan Abasolori "erasotzaile, kanpora" oihukatu besterik ez zutela egin azaldu dute.
Hala ere, 41. minutuan, epaileak gelditu egin zuen partida, eta protesta egiten ari zirenak identifikatzeko eta kanporatzeko agindu zion Udaltzaingoari.
Mugimendu feministak salatu duenez, agenteek "garrantzirik gabeko izapidea" baino ez zela esan zieten, baina, ondoren, udaltzain batek esan zien Auzia Indarkeriaren aurkako Batzordeak aztertuko zuela, Kirolean indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziaren aurkako legea urratzea egotzita.
Igandeko protestaren irudi bat. Argazkia: Twitter
Bestalde, Abasolok zenbait egunkaritan bere bikotekidea eta senideak iraindu izana egotzi badie ere, mugimendu feministako bozeramaileek ukatu egin dute akusazioa, "emakumeen artean elkartasuna" baitute. Epailearen aktak arrazoia ematen die manifestariei, jasotako jazoera bakarra jokalariari "erasotzaile" eta "bortxatzaile" deitu ziotela baita, eitb.eus-ek jakin duenez.
Halaber, mugimendu feministako bozeramaileek ohartarazi dute igandeko protestan irainak esan zizkietela hainbatetan, "batik bat Paul Abasoloren senideen partetik". "Bereziki larria izan zen klubeko kide batek egindakoa, irainak ez ezik, heriotza mehatxua ere egin baitzien protestan ari zirenei", adierazi dute. Horren ildotik, aipatu dute zale batek bere burua identifikatu zuela Poliziaren aurrean, lekuko gisa manifestarien alde deklaratzeko asmoz.
Era berean, orain arte egindako protestetan Segurtasun Indarren jokaera "neurrigabea" izan dela erantsi dute.
"Sexu erasotzaileek ez dute buruko gaitzik"
Azkenik, Portugaleteko Mugimendu Feministak gogorarazi du sexu erasotzaileek ez dutela "buruko gaitzik". "Sistema patriarkalak babestutako eta euren ekintzen oinarria inpunitate sozio-politikoa duten pertsonak dira", azaldu dute.
Horren haritik, bortxaketa "baimen espliziturik gabe eta indarkeria edota mehatxuak erabilita egindako edozein ekintza" dela aipatu dute.
Paul Abasolo, indultua jaso duen lehen sexu erasotzailea
Paul Abasolo Amantegui (Durango, 1984) futbolari bizkaitarra Espainiako Gobernuak indultatutako lehen sexu erasotzailea da. Epaitegiak espetxe zigorra ezarri bazion ere, jokalariak jarraitu ahal izan du bere kirol ibilbidea. Hori bai, talde eta herri guztietan arbuio sozial handia piztuta.
Ertzaintzak 2006 eta 2007 urteen artean Gernikan bost emakumeri sexu erasoak egitea egotzi zion. Hala ere, lau erasogatik baino ez zuten epaitu, biktimetako batek salaketa kendu baitzuen epaiketaren egunean bertan.
2010ean, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion, hiru sexu eraso egotzita. Laugarren salaketan absolbitu egin zuen, biktimak ezin izan baitzuen identifikatu. Horregatik, epaitegiak in dubio pro reo (zalantza kasuetan, akusatuaren alde egin beharra dago) printzipioa ezarri zion.
Kondenaren arabera, Abasolok "ukipenak" egin zizkien biktimei, indarra erabiliz, eta bizkarretik helduta. Hiru emakume horietatik, biri etxeko atarian egin zien eraso, eta, hirugarrenari, kalean bertan, egunez.
2011n, Jose Luis Rodriguez Zapatero sozialistaren Gobernuak indultua eman zion, Francisco Caamaño orduko Justizia ministroak proposatuta.