Gizartea -
Bizkaian eta Gipuzkoan
Hainbat errepide itxi dituzte euri eta haize denboralea dela eta
Horrez gain, Gernika eta Bermeo arteko tren-zerbitzua 8 ordutik gora egon da etenda, arbola bat erori delako trenbidera.
Agentziak | Erredakzioa
Bart Euskal Autonomia Erkidegoa (batez ere, Bizkaia eta Gipuzkoa) astindu duen haize eta euri denboralearen ondorioz, hainbat errepide itxi behar izan dituzte, zuhaitzak bidera jausi dira eta. Horrez gain, Gernika eta Bermeo arteko tren-zerbitzua etenda izan da, Busturian arbola bat erori baita trenbidera.
Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakundeak ohar batean jakinarazi duenez, 05:55ean erori da, lehen trena abiatu eta gutxira.
Arbola Busturian, San Kristobal auzoko geralekutik hurbil, jausi da, eta treneko pantografoa eta katenariaren zutoin bat apurtu ditu. Zorionez, trenean zihoazen pertsonek ez dute minik hartu.
Arazoa konpondu bitartean, Euskotrenek autobus-zerbitzua jarri du bi herri horien artean. Tren-zerbitzua 14:30 aldera abiarazi dute berriro.
Errepide ugari, itxita, goizaldean
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, traba handienak Lemoan (Bizkaia) eta Mutrikun (Gipuzkoa) sortu dira. BI-635 errepidea, Lemoa eta Zornotza artean, itxita egon da hainbat ordutan. Goizaldean (01:00) arbola bat jausi da bidera, 18. kilometroan, eta linea elektrikoari ere egin dio kalte.
10:15ean zabaldu dute berriro, hasieran zirkulazioa txandaka bideratuta, eta gero guztiz.
Bestalde, Mutrikun, GI-638 errepidea itxita dago oraindik, gauerdian luizia izan denetik.
Bizkaian, konponduta daude BI-7631 errepidean (Zamudion), BI-647an (Erandion, EHUtik gertu) eta Artatzako errepidean (Getxon) izandako arazoak. Hiru toki horietan, zuhaitzak jausi dira errepidera.
Bestalde, Bilbon, Bolueta auzoan, arbola bat ibilgailu batzuen gainera erori da goizaldean, ordu bata aldera, eta Georgia kalea itxi behar izan dute.
Gipuzkoan, GI-636 (Irunen), GI-2633 (Meaga gainetik Zarautzera doan tartean, Getarian) eta GI-3740 (Urraki gainean, Errezilen) errepideak itxita egon dira ordu batzuetan.