Gizartea -

Aberriratzea

Maria Villarren gorpua gaur arratsaldean helduko da Bilbora

Hileta-elizkizuna bihar, astelehena, izango da, Areetan (Getxo). Maria Villar Galazek 39 urte zituen, eta IBMrentzat egiten zuen lan, Mexikon.

Maria Villar, sare sozialetan zabaldutako argazki batean.
Maria Villar Galaz.
Maria Villar, sare sozialetan zabaldutako argazki batean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Villar Galazen gorpua gaur arratsaldean, irailak 26, iritsiko da Loiuko aireportura. Mexikon bahiketa espres baten biktima izan zen, eta hilda topatu zuten handik bi egunera.

Bihar, astelehena, irailak 26, 19:00etan izango da Villarren aldeko hileta-elizkizuna, Getxoko Areeta auzoan (Bizkaia).

Maria Villar Galazek 39 urte zituen, eta Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioaren presidentearen loba zen. Duela urtebete hasi zen Mexikon IBMrentzat lanean.

Eskarmentu gutxiko gaizkile talde bat

Patricia Bugarin Mexikoko Segurtasun Batzordeko Bahiketen kontrako Unitatearen koordinatzaileak esan duenez, antolatu gabeko gaizkile talde batek bahitu zuen euskal herritarra. Bahiketa espresetan eskarmentu gutxiko taldea zela uste dute ikertzaileek, eta horrek Villarren heriotza azkartu zuela.

"Ikerketa oso aurreratuta dago. Badakigu gaizkile taldea ez zela profesionala, eta horrek azkartu zuela Maria Villar Galazen heriotza lazgarria", horren hitzetan.

IBMren egoitzatik irten ostean hartu zuen taxi motaren inguruan galdetu diotenean, "bertsio kontrajarriak" daudela azaldu du Bugarinek. "Oraindik ezin izan dugu zehaztu. Ikertzen jarraitzen dugu. Ez dakigu taxian bertan bahitu ote zuten edo taxi hartatik jaitsitakoan, beste leku batean atxiki zuten", erantsi du.

Hiriko segurtasun kameren eta kamera pribatuen irudiak aztertzen ari da Polizia, arrasto gehiagoren bila.

Horrez gain, Mexikoko Poliziak operazio erraldoia jarri du martxan, bahiketa gertatu zen Santa Fe auzoan. 200 bat agente jarri dituzte lanean, segurtasuna bermatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo berriak Bizkaiko albisteak Delituak bideoak Bahiketak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Erailketak albisteak