Gizartea -
Passion for Knowledge
350 ikasle bi Nobel saridunekin elkartu dira gaur, Bilbon
Passion for Knowledge kongresuaren harira Bilbon antolatu duten topaketan Bigarren Hezkuntzako 350 ikasle eta irakasle Bell Burnell, Cohen-Tannoudji eta Karplus zientzialariekin izan dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bigarren Hezkuntzako 350 ikasle eta irakasle nazioarteko lau zientzialari entzutetsurekin elkartu dira gaur Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Bizkaia Aretoan. Egunotan Donostian egiten ari diren Passion for Knowledge kongresuaren egitarauaren baitan antolatutako ekitaldietako bat da eta ikasleek bi Nobel sariduni galderak egiteko aukera izan dute.
Pedro Miguel Etxenike EHUko katedradun eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) presidenteak gidatu duen saioan, Dame Jocelyn Bell Burnell, Claude Cohen-Tannoudji eta Martin Karplus zientzialariek parte hartu dute.
Claude Cohen-Tannoudji Fisikako Nobel sariduna da eta Martin Karplus, ostera, 2013ko Kimikako Nobel sariduna. Bestalde, Jocelyn Bell Burnell Oxford unibertsitateko astrofisikaria da.
Zientzialari gonbidatuek zientziarekiko eta ikerkuntzarekiko pasioaz hitz egin dute. Gaurko topaketaren helburu nagusietako bat euskal gazteengan zientziarekin eta teknologiarekin lotutako ikasketekiko grina piztea da.