Gizartea -
SUTEA
Emakume bat hil da Iruñeko etxebizitza batean izandako sutean
Gainera, eraikineko 15 bizilagun larrialdi zerbitzuek artatu dituzte, kea arnastuta. Horietako lau Nafarroako Ospitalera eraman dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
77 urteko emakume bat hil da, gaur goizean, Iruñeko etxebizitza baten izandako sutean. Zapateria kaleko eraikin batean izan da sutea, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Gainera, eraikineko 15 bizilagun larrialdi zerbitzuek artatu dituzte, kea arnastuta. Horietako lau Nafarroako Ospitalera eraman dituzte.
06:10 inguruan jaso dute suhiltzaileek sutearen abisua. Eraikineko lehenengo solairuan piztu da sua, eta sugarrak eta ke-laino handi bat kanpotik ikus zitezkeen.
Suhiltzaileak etxebizitzara sartu direnerako, bertako bizilaguna hilda zegoen. Lehen informazioen arabera, kea arnastuta hil da.
Eraikineko gainerako bizilagunak kanpora atera dituzte, badaezpada. Suhiltzaileen kamioietako eskailerak erabili dituzte horretarako. Dena dela, suak ez du kalte handirik eragin beste etxebizitzetan, eta bizilagunak berehala itzuli dira euren etxeetara.
Suhiltzaileek sutea kontrolpean dute, baina bertan jarraitzen dute suteak utziko arrastoak garbitzen.