Gizartea -
Jazoera
Hiru gazte atxilotu dituzte Bilbon gizon bati jipoia emateagatik
Sakelako telefonoa lapurtzeko eraso egin diote. Gainera, bai biktima baita haren aita ere ospitalean artatu behar izan dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak hiru gazte atxilotu ditu igande goizalde honetan Bilbon, sakelako telefonoa lapurtzeko asmoz, gizonezko bati jipoia ematea leporatuta. Gainera, bai biktima baita haren aita ere ospitalean artatu behar izan dituzte (aita semea laguntzen saiatu delako, eta berak ere kolpeak jasan dituelako).
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gertaera Bilbo Zaharran jazo da, 00:00ak pasata. Etxebizitzatik irtendako gizonezko bati eraso egin dio hainbat gaztek osatutako talde batek. Dirudienez, telefono mugikorra lapurtzeko asmoa zuten. Kolpeak eman dizkiote biktimari, lurrera bota, eta orduan laguntza eskatu ahal izan du.
Haren aita semea laguntzen saiatu da, baina horrek ere kolpeak jasan ditu. Ertzaintzaren patruila bat ikusi dutenean, erasotzaileek ihes egin dute. Agenteek hiru gazteak (18, 19 eta 23 urtekoak) atxilotu egin dituzte, eta indarkeriaz egindako lapurreta delitua egotzi diete.