Gizartea -
Donostian
Marrazo txiki bat begiztatu dute Kontxako badian
Adituek diotenez, jazotakoa ez da batere arraroa, Euskadin "mila tona arrainzuri hartzen dituztelako urtero arrantzaleek".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Tamaina txikiko marrazo bat ikusi dute larunbat honetan Kontxako badiaren barnealdean, Donostian, Itsasoko Fauna Aztertzeko eta Babesteko Elkarteak (Ambar) EFEri jakinarazi dionez.
Kontxako Pasealekutik zihoazen herritar ugarik arrainzuriaren profila ikusi ahal izan dute. Itsasgora aprobetxatuta, kostaldetik oso gertu ibili da marrazoa, Kontxa eta Ondarreta hondartzen artean. Bestalde, Segurtasun Sailak azaldu duenez, 11:15ak aldera hainbat herritarrek Ertzaintzari eman diote abisua.
Zenbait surflari eta piraguista bertaratu dira, eta baita Zurriolako hondartzan kayak proba batean laguntza ematen zebiltzan Ertzaintzako hainbat urpekari ere, baina iritsi direnean, arraina jada ez zegoen zonalde hartan.
Zaila da ikustea
Itsasoko Fauna Aztertzeko eta Babesteko Elkarteko kide bat ere hurbildu da bertara, baina ez du arrainzuria ikusi. Elkarte horretako presidenteorde Enrique Francok azaldu duenez, arrainzuriak arnasa har dezake ur azpian, hori dela eta, zaila da horrelako arrainak ikustea.
Dena dela, Francoren arabera, ez da batere arraroa marrazoak ikustea, Euskadin "mila tona arrainzuri hartzen dituztelako urtero arrantzaleek, herritar gehienek hori ez jakin arren". Hala eta guztiz ere, Francok argitu duenez, "jendea ez da kezkatu behar, marrazoak ez baitie inoiz eraso egingo".