Gizartea -
Lehiaketa publikoa
Bidasoa eskubaloi taldeak euskarazko eserkia nahi du
Bidasoa eskubaloi taldea 1962an jaio zen eta ordutik du ereserkia, baina gaztelaniaz dago. Orain, baina, lehiaketa publikoa deitu du euskarazko ereserkia egiteko.
EiTB.eus
Bidasoa eskubaloi taldeak lehiaketa publikoa deitu du, euskarazko ereserkia egiteko. Kirol elkartea orain dela 54 urte jaio zen, eta ordutik du ereserkia, baina erdaraz dago.
Ekimena euskararen aldeko beste pauso bat da; izan ere, taldeak euskara ikasteko oinarrizko klaseak ematen dizkie jokalariei, horietako asko atzerritarrak baitira. Halaber, euskara-serbiera eta serbiera-euskara hiztegiak argitaratu ditu, eta euskaltegira joateko aukera ere ematen die jokalariei.
Lanak azaroaren 18ra arte aurkeztu ahal izango dira, eta baldintza bakarra jarri dute: jatorrizko doinua errespetatzea. Originala izatea, jatorrizko ereserkiaren esentziari eustea (ez du zertan itzulpen literala izan), eta CD Bidasoaren nortasuna eta sena islatu behar du.
Kluba euskal kirol talde txalotuenetakoa da. Sortu zenetik, Ligak, Errege Kopak, Rekopa bat eta Europako Kopa bat (“eskubaloi munduko Txapeldunen Liga”) irabazi ditu.