Gizartea -
Indarkeria matxista
Zorrotzaurreko bizilagunek asteburuko sexu-erasoa gaitzetsi dute
Abandonatutako fabrika batean berarekin batera bizi ziren bi gizonezkok egin zioten sexu-erasoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ehundik gora bizilagun elkartu dira arratsalde honetan Zorrotzaurren, asteburuan emakume batek jasan zuen sexu-erasoa salatzeko.
Elkarretaratzea isila 19:30ean egin dute, ‘Nazkatuta gaude. Erasorik ez erantzunik gabe’ lelopean, IMQ klinikaren atzealdeko zabalgunean, Bilboko itsasadarraren ondoan.
Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politika sailburua, Bilboko Udaleko hautetsi guztiak eta beste hainbat ordezkari politiko ere izan dira bertan.
Bilkura amaituta, Toñak “erabateko gaitzespena” agertu du eta gogora ekarri du kasu honetan etxerik gabeko emakume bat izan dela biktima, “ahultasun egoera berezian zegoena”.
Biktima Zorrotzaurreko abandonatutako fabrika batean bizi zen, ez zuen familiarik, ezta lagunik ere. Berarekin batera bizi ziren beste bi gizonezkok egin zioten sexu-erasoa. Atxilotuta daude biak.