Gizartea -
Epaia
40 urteko kartzela-zigorra ezarri diote Abadiñoko hilketen egileari
2014ko abenduan emaztea eta amaginarreba hiltzeagatik errudun jo zuen epaimahaiak, azpikeria eta ahaidetasun astungarriak egotzita.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Auzitegiak guztira 40 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Abadiñoko hilketen egileari. Zehatz jarrita, eta hurrenez hurren, 20 eta 19 urteko zigorra ezarri diote amaginarreba eta emaztea erailtzeagatik. Horri beste urtebeteko zigorra erantsi dio epaimahaiak, bere lantegian sutea piztuta, ondoko beste enpresa batzuetan egindako kalteengatik. Halaber, hildakoen senideei 240.000 euroko kalte-ordaina eta suak kaltetutako enpresei 195.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu du.
Zinpeko epaimahaiak hilketa eta kalte delituengatik errudun jo zuen Benito Q. akusatua. Krimenok azpikeriaz egin zituela ebatzi zuten epaimahaiko kideek, eta ahaidetasun astungarria ere bazegoela ondorioztatu zuten urriaren 20an emandako epaian. Gainera, eragindako sutearekin kalteak egin izana ere leporatu zion zinpeko epaimahaiak.
Ebazpen hura oinarri hartuta, 40 urteko espetxe-zigorra ezarri dio gaur Auzitegiak. Zigorra ez da irmoa eta helegitea aurkeztu daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor arloko aretoaren aurrean. Hala ere, 2014ko abenduaz geroztik behin-behineko espetxealdian dagoen Benito Q.-k kartzelan jarraitu beharko du epaia irmoa izan bitartean.
Halaber, zigorrak irauten duen aldirako erabateko gaitasungabetzea ezarri diote.
Epaiaren arabera, akusatuak larritasun mailaren araberako hurrenkeran bete beharko ditu ezarri dizkioten zigorrak, beti ere 28 urteko mugara iritsi arte. Gainera, ezingo du hirugarren gradua eskatu zigorraren erdia bete arte.
Bestalde, akusatuak 120.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio hilketaren unean 24 urte zituen semeari, akusazio publikoak eskatu bezala. Gainera, 20.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimetako baten sei anai-arrebetako bakoitzari.
Suak eragindako kalteei dagokienez, epaileak uste du Benito Q. bazkide zuen aroztegia kaltetua dela eta ez erantzule zibil subsidiarioa. Ondorioz, Benito Q.-k 144.311 euro ordaindu beharko dizkio bere aroztegiari eragindako kalteengatik, 26.828 suak kaltetutako bi enpresetako bati eta 24.043 euro, berriz, lantegi horietako baten aseguru etxeari.
________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.