Gizartea -
Neguko Bidezaintza Plana
Gipuzkoak azaroaren 15ean aktibatuko du Neguko Bidezaintza Plana
Berritasunen artean, aurten Diputazioak eguraldia iragartzeko eskualdekako sistema bat eta gatza ontzi batetik bestera aldatzeko ekipamendua jarri ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Diputazioak azaroaren 15ean aktibatuko du 2016-2017 Neguko Bidezaintza Plana, eta aurtengo berritasunen artean eguraldia iragartzeko eskualdekako sistema bat eta gatza lekualdatzeko ekipamendua nabarmentzen dira.
Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako foru diputatuak gaur kazetarien aurrean azaldu duenez, "baliabideak optimizatzeaz gain", eguraldia iragartzeko eskualdekako sistema berriak Euskalmetek eskainitako informazioa osatuko du.
"Sistema berria eskala txikiagoko eredu batean oinarritzen da, datuak errepideetan dauden estazio meteorologikoetatik ateratzen baititu. Horrela, eskualdekako informazioa eskuratu dezakegu, denborarekiko zehatzagoa", zehaztu du.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak gatza ontziz aldatzeko errendimendu handiko ekipamendu bat izango du aurrerantzean. Ondorioz, elurra kentzeko kamioien karga ahalmena bikoiztu egingo da. Gainera, sistema berriak zisterna kamioiak kargatzeko aukera ere emango du, ondoren Gipuzkoa osoan zabalduta dauden 38 biltegiak hornitzeko.
Neguko Bidezaintza Plana apirilaren 15era bitartean egongo da martxan eta Gipuzkoako Diputazioak elurra kentzeko 80 kamioi, 12 ibilgailu arin eta 8.100 tona gatz izango ditu bere eskura.
Ibilgailu horiei Eusko Jaurlaritzak N-1 eta A-15 errepideetan jarritako garabiak gehitu behar zaizkie, ibilgailu astunen batek errepidea oztopatuz gero edo arazoren bat izanez gero erabiliko direnak.
Giza baliabideei dagokienez, langile kopurua elur-mailaren araberakoa izango da. Elur-maila itsas mailara iristen bada, 180 pertsona inguru arituko dira lanean.
Hala bada, lankidetzan arituko da Bidegirekin, Gipuzkoako suhiltzaile etxeekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Ertzaintzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Araba eta Bizkaiko aldundiekin.
Bide Azpiegituretako Saila lankidetzan arituko da Bidegirekin, Gipuzkoako suhiltzaileekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuaren eta Arabako zein Bizkaiko Diputazioekin.
Euskalmetek izotzari edota elurrari dagozkion abisuak ezartzen dituenean Neguko Bidezaintza Plana aktibatuko da.