Gizartea -
Gernikako epaitegia
Artxibatu egin dute Lekeitioko bikien intoxikazioagatik hasitako auzia
Basaperrexila hartu ostean, larriki gaixotu ziren eta ospitaleratu egin zituzten. Egun gutxira, anaietako bat hil egin zen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gernika-Lumoko 4. Instrukzio Epaitegiak artxibatu egin du Lekeitioko anaia bikien intoxikazioagatik irekitako auzia, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Auzitegi Nagusiak gaur jakinarazi duenez.
Bi anaiak basaperrexilarekin intoxikatuta larri gaixotu ziren 2015eko ekainaren 26an, eta Gurutzetako ospitalera eraman zituzten, helikopteroz. Egun gutxira, uztailaren 1ean, horietako bat hil egin zen.
Hasiera batean bikien aita atxilotu egin zuten. Gerora, ordea, epaileak behin-behinean aske utzi zuen, kautelazko neurriekin.
Komunikatu batean kasuko epaileak jakinarazi duenez, ikerketapean zeuden hiru pertsonen inguruko izapideak amaitu ostean eman du ebazpena.
Bikien aitaren ordenagailuan basaperrexila landarez betetako lursail baten irudi bat aurkitu zuten eta horrez gain, haren etxeko zukugailuan landare pozoitsu horren arrastoak antzeman zituzten. Hala ere, epaileak zehaztu duenez, Poliziak objektu horiek konfiskatu zituenean aitaren etxebizitza ez zegoen zigilatuta eta, beraz, ez ziren zukugailuko hatz markak egiaztatu eta ezta basaperrexilak zukugailuan zenbat denbora zeraman ere. Hori dela eta, Fiskaltzak uste du ez dela frogatuta gelditu aitaren parte hartzea bikien intoxikazioan.
Gainera, bikien ama eta hirugarren pertsona bat ere ikertu dituzte. Dena den, fiskalaren esanetan ez dago horien kontrako erantzukizun penalik eskatzeko arrazoirik.