Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Emakume bat hil dute Palman
Gizona, ondoren, bere buruaz beste egiten saiatu da, eta hilketa aitortu du Poliziaren aurrean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ustez 50 urteko gizonezko batek 56 urteko bikotekidea hil du Palman, eta gero bere buruaz beste egiten saiatu da, Espainiako Poliziak jakinarazi duenez.
Poliziaren bozeramaile batek zabaldutako informazioaren arabera, hildako emakumearen alabak 091 telefonora deitu du amarekin harremanetan jartzea lortzen ez zuela-eta. Polizia patruila bat emakumearen etxebizitzara bertaratu da eta emakumearen hilotza eta 50 urteko gizonezkoa aurkitu du, zaurituta.
Gizonak hilketa aitortu du eta, itxura guztien arabera, objektu batekin buruan kolpeak eman dizkio emakumeari, hil arte.
Ustezko erasotzailea eta hildakoa, biak, espainiarrak dira eta bikote harremana zuten. Dena den, Poliziaren arabera, emakumeak ez zuen aurretiaz gizona salatu.
Polizia zientifikoak ikerketa abiatu du hilketaren nondik norakoak argitzeko.
Bestalde, autopsiak argituko du hilketa noiz gertatu den.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.