Gizartea -

Azaroak 25

Hiru emakume hil dituzte aurten EAEn

Nolanahi ere, hiru emakume horietako bi ez daude ofizialki aitortuta genero indarkeriaren biktima gisa.

Indarkeria matxistaren aurka Gasteizen egindako elkarretaratze bat. EFE
Indarkeria matxistaren aurka Gasteizen egindako elkarretaratze bat. EFE
Indarkeria matxistaren aurka Gasteizen egindako elkarretaratze bat. EFE

D. Perez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru emakume hil dituzte aurten Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Nolanahi ere, hiru horietatik, bi ez daude ofizialki aitortuta genero indarkeriaren biktima gisa. Izan ere, bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako indarkeriaren biktimak baino ez ditu aintzatesten lege espainiarrak.

Hori horrela, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak genero indarkeriaren biktima gisa aitortutako emakume bakarra Maria Arantzazu Palacios Izquierdo (51 urte) da. Bikotekideak hil zuen uztailaren 23an, Bilbon.

Gizona (51 urte) sei aldiz atxilotu izan zuten, bikotekideari tratu txarrak emateagatik, eta emakumearengandik urruntzeko agindua izan zuen, baina hura ez zegoen indarrean ustez krimena gauzatu zuenean.

Nolanahi ere, Mariarena ez da izan aurten EAEn jazotako hilketa matxista  bakarra, legeak ez aitortu arren. Urtarrilaren 26an, 30 urteko gizon batek 17 hilabeteko neskato bat, Alicia, leihotik bota zuen, eta umea handik egun batzuetara hil zen, ospitalean. Gizonak harremana izan zuen neskatilaren amarekin, eta horri ere egin zion eraso.

Indarkeria matxistaren biktima gisa aitortuta ez dagoen bigarren biktima Margarita da. Gizon batek hil zuen ekainaren 15ean, Gasteizen, eta ondoren gorpua zatitu eta Zadorra ibaira jaurti zuen.

Nafarroan ez da hilketa matxistarik izan aurten, eta, Espainian, 94 emakume hil dituzte azaroaren 25era arte, feminicidio.net webguneak egindako balantzearen arabera. Nolanahi ere, 94 emakume horietatik, 40 baino ez daude aitortuta genero indarkeriaren biktima gisa.

 

_________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian EAE Gaurko azken ordukoa