Gizartea -

Maula

20 euroko billete faltsuak atzeman dituzte Bizkaiko hainbat dendatan

Bilbon, Barakaldon eta Getxon topatu dituzte. Ertzaintzak argi ultramorea erabiltzea aholkatu die merkatariei.

Benetako billete batetik bi ateratzen dituzte gaizkileek. EFE
Benetako billete batetik bi ateratzen dituzte gaizkileek. EFE
Benetako billete batetik bi ateratzen dituzte gaizkileek. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 20 euroko billete faltsuak atzeman ditu Bizkaiko hainbat saltokitan eta herritarrei eta batez ere merkatariei erne egoteko gomendioa eman die.

Zehazki, ondoko saltokietan topatu dituzte lau billete faltsu: supermerkatu batean, lokutorio batean eta zerbitzugune batean, Bilbon, Barakaldon eta Getxon, hurrenez hurren. Horrez gain, beste sei billete aurkitu dituzte Bilboko joko-areto bateko truke-makina batean.

Honen aurrean, kontuz ibiltzeko gomendioa eman du Ertzaintzak, eta, pertsona susmagarrien aurrean, truke eragiketak gainbegiratu eta argi ultramorea erabiltzeko aholkatu du.

Zelan egiten dituzte faltsutzeak?

Polizia Autonomikoak ohar batean jakinarazi duenez, berria da orain atzemandako faltsifikazio-sistema, eta gaizkileek 20 euroko etekina lortzen dute, legezko billete batetik bi billete lortzen baitituzte.

Lehenik, benetako 20 euroko billete baten banda holografikoa askatzen dute, eta segurtasun-neurririk ez duen kopia faltsu batean itsasten dute. Horrela, benetako itxura handiagoa ematen diote, eta saltokietan eta erosketaren bat egiten duten bestelako negozioetan sartzen dute.

Gero, banda holografikoa kendu dioten benetako billetea edozein motatako paperarekin berrosatzen dute, benetako billete baten neurriak izan ditzan. Eragiketa hori egin ondoren, truke-makina batean sartzen dute billetea; hartara, 20 euro horiek txanponetan lortzen dituzte.

20 euroko billete faltsua. Ertzaintza

20 euroko billete faltsua. Ertzaintza

Ertzaintzak faltsutzeen inguruan ohartarazteko zabaldutako argazkia.

Faltsifikazio bat atzemanez gero, salaketa jartzea eta billete faltsua aurkeztea gomendatzen da.

Beste gomendio batzuk

Horrez gain, Europako Banku Zentralak 20 euroko billete bat benetakoa den ziurtatzeko hainbat egiaztapen egiteko proposatzen du:

Paperaren ehundura - Billetea ukitu. Beneteako billeteek ehundura irmoa eta erresistentea dute.

Erliebean inprimatua - Erliebea hautematen da motibo nagusian, letretan eta billetearen balioa adierazten duen zenbaki handian.

Ur-marka - Begiratu billeteari argitara. Billetearen balioa eta motibo nagusia erakusten duen irudi lausoa hautematen da.

Holograma - Biratu billetea. Eskuinaldean dagoen zilar koloreko bandak billetearen balioa eta ? sinboloa erakusten ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Ertzaintza Getxo berriak Azken ordukoa Bizkaia Barakaldo albisteak Iruzurrak argazkiak