Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume bat hil du, ustez, bere bikotekideak Fuenlabradan
Bere bikotekidearen amari egindakoa aitortu ostean, Poliziak atxilotu egin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
26 urteko emakume bat hil du gaur, ustez, bere bikotekideak Fuenlabradan. Ustezko hiltzaileak gertatutakoa aitortu dio bere bikotekidearen amari eta, ondoren, Poliziak atxilotu egin du.
Madrilgo Autonomia Erkidegoko Larrialdi Zerbitzuak eta Espainiako Poliziak jakinarazi dutenez, hilketa arratsaldeko ordu biak aldera gertatu da Fuenlabradako Bartzelona kaleko 28. zenbakiaren parean. Antza denez, emakumea auto baten barruan zegoen eta ustezko erasotzaileak labanaz eraso egin eta jugularra moztu dio.
Ustezko erasotzaileak 29 urte ditu eta hildakoaren bikotekidea da. Ustez, bikotekidea hil ostean emakumearen amari deitu dio egindakoa aitortzeko. Poliziak erasoaren tokian bertan atxilotu du gizonezkoa.
Poliziaren esanetan, ez zegoen tratu txarrengatik salaketarik ezta urruntze agindurik ere.
Tokira bertaratu diren larrialdi zerbitzuetako osasun langileek emakumearen heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.