Gizartea -

Ustezko jihadista

Irunen atxilotutako ustezko jihadista kartzelara bidali du epaileak

Auzitegitik jakitera eman dutenez, magistratuak terrorismoa goraipatzea, adoktrinamendu delitua eta autoadoktrinamendua egotzita hartu du erabakia.

Artxiboko argazkia: EiTB
Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose de la Mata Auzitegi Nazionaleko epaileak Irunen asteazkenean atxilotutako ustezko jihadista kartzela eramatea eskatu du. Kamioi batekin, Nizan bezala, atentatua egitekotan zegoelakoan ikertzen ari ziren.

Auzitegitik jakitera eman dutenez, magistratuak terrorismoa goraipatzea, adoktrinamendu delitua eta autoadoktrinamendua egotzita hartu du erabakia.

Fiskalak espetxea eskatu du Estatu Islamikoarekin (ISIS) lotura duelakoan asteazkenean Irunen atxilotutako gizonezkoaren aurka. Atzemandakoak ostiral honetan ez deklaratzea erabaki du, Auzitegi Nazionaleko Jose de la Mata epailearen aurrean.

Gizonezkoa ustez Siriara joaten saiatu zen, Estatu Islamikoarekin bat egiteko. Terrorismoaren aurkako iturriek adierazi dutenez, atxilotua oso erradikalizatuta dago.

Antza, atxilotuak nazioarteko bidaiak egiten zituen kamioiarekin, batez ere Alemaniara. Gizonezkoa interneten erradikalizatu zen eta Siriako erradikalekin harremanak zituen. Gasteizen bizi zen arren, asko bidaiatzen zuen.

Atxiloketa hori 2015eko abenduaren 1ean Iruñean eta urriaren 26an Calahorran atxilotutako ustezko bi jihadisten ikerketa beraren barruan kokatu behar da.

Ikerketa horrekin lotuta, Guardia Zibilak atxilotuaren gaineko zaintza operazioa abiatu zuen, eta internet bidez ISISen jarduera goraipatzen zuela eta propaganda jihadista zabaltzen zuela egiaztatu zuen. Iruñeko eta Calahorrako atxiloketak egin ostean, bere jarduera areagotzeaz gain, jarrera aldatu eta diskurtsoa indartu zuen, eta propaganda sare sozialetan eta eskuz esku banatzen hasi zen.

Halaber, atxilotuak ISISekin bat egiteko asmoa omen zuen, eta, horretarako, Turkiara bidaiatu zuen, handik Siriara joaten saiatzeko. Dena den, Poliziak Turkiatik kanporatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Gizartea bideoak Estatu Islamikoa Jihadismoa hoy Irun albisteak gaur Gaurko azken ordukoa