Gizartea -

Erakunde Saria

Marta Macho EHUko irakasleak jasoko du 2016ko Emakunde Saria

Besteak beste, emakumeak matematiken eta zientzien mundura gerturatzeko egindako lana azpimarratu du epaimahaiak.

Marta Macho, eskuinaldean. Argazkia: Emakunde
Marta Macho
Marta Macho, eskuinaldean. Argazkia: Emakunde

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marta Macho Stadler Matematikako doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Geometria eta Topologia irakasleak jasoko du aurten Berdintasuneko Emakunde Saria, epaimahaiak hala erabakita. Emakumeak matematiken eta zientzien mundura gerturatzeko eta emakume zientzialarien lana eta hauek akademia munduari eta garapen sozialari egindako ekarpenak ikustarazteko egindako lana azpimarratu du sariaren epaimahaiak, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak iragarri duenez.

Landaidak prentsa agerraldia egin du ostiral honetan Gasteizen, sarituarekin batera, eta adierazi du epaimahaiak goraipatu duela matematiken hezkuntzan genero ikuspegia txertatu izana eta unibertsitatearen barruan emakume eta gizonen berdintasuna bultzatzen duten batzorde zientifiko eta akademikoetan parte hartu izana. Zentzu honetan, 'Mujeres con ciencia' blogaren arduraduna dela azpimarratu du; blog hau Kultura Zientifikoko Katedrak bultzatzen du eta generoa eta zientzia gaia lantzen du, emakume zientifikoen lana ikustaraziz.

Sari honekin, epaimahaiak hainbat irakaslek egiten duten lana aitortu nahi izan du, hezkuntza maila guztietan, nesken ahalduntzea bultzatuz eta hauek ikasketa zientifiko teknologikoak aukeratzera animatuz. Era berean, beharrezkotzat ikusten du, zientziaren munduan emakumeen presentzia eta aitortza areagotzearekin batera, akademia bera, enpresak eta teknologia munduko agente guztiak egokitzea berdintasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko.

Sariaren helburua

Emakunderen Berdintasuneko Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko aitortza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea, baita emakumeek egindako lana aintzat hartzea eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzeko egindako lanetan nabarmendu direnak saritzea ere. Sariaren diru kopuru gordina 14.400 euro da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU albisteak Emakunde argazkiak Irakasleak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Albisteak