Gizartea -
Bilbon
Hiru atxilotu, adineko bati sexu grabazioekin xantaia egiteagatik
Atxilotuek 12.000 euro eskatu zizkioten biktimari, laurogei urteko gizonezko bati.
Agentziak | Erredakzioa
Hiru gazte atxilotu dituzte Bilbon, laurogei urteko gizonezko bati estortsioa egitea egotzita, atxilotuetako batekin izan zuen sexu-topaketa baten gaineko grabazioekin mehatxu egin baitzioten. Ertzaintzak jakinarazi duenez, gainera, ikertzen ari da hiru gazte horiek zerikusia izan dezaketen Bizkaia eta Gipuzkoan izandako antzeko gertakariekin.
Gertaerak azaroaren erdialdean hasi ziren, gazteetako bat adinekoari Bilboko komun publiko batzuetan gerturatu eta sexu-harremanak izatea eskaini zionean. Xede horrekin hitzordua adostu zuten hurrengo egunerako eta leku berean, telefono bidez.
Egun horretan, adinekoa eta gaztea bainu publikoen barruan zeudela, beste bi gazteak agertu ziren bestearen anaiak zirela esanez. Hura adingabea zela adierazi zioten, eta 250 euro eskatu zizkioten ez salatzearen truke.
Egunak pasa ahala gero eta kopuru handiagoak eskatu zizkioten adindunari, 12.000 eurora iritsi arte.
Horren aurrean, biktimak xantaia salatu zuen, eta Ertzaintzak atzo bertan atxilotu zituen hiru ustezko xantaiagileak adindunarekin adostutako hitzordu batera zihoazenean.
Ertzaintzak ikerketarekin darrai, argitu nahi baitu ea hiru atxilotuek zerikusia duten orain dela gutxi Bizkaiko eta Gipuzkoako beste zenbait herritan jazotako antzeko estortsio-kasuekin.