Gizartea -
10. urteurrena
Gaixotasun Neuromuskularrek Kaltetutakoen Eguna izango da gaur, Bilbon
Kaltetuen Euskadiko elkarteek "gaixo guztiak modu eraginkorragoan artatzeko" Unitate Espezializatu bat sortzea eskatu dute.
A.A.
FENEUMEK (Euskadiko Eritasun Neuromuskularren Elkarteen Federakuntza), Arabako Arene, Gipuzkoako Gene eta Bizkaiko Bene elkarteen izenean, Gaixotasun Neuromuskularrek Kaltetutakoen Eguna antolatu du gaur, Bilbon. Ekimenak hamargarren urteurrena bete du aurten eta helburua gaixoen autonomia hobetzea eta gaixotasun neuromuskularrek kaltetutakoek beraien bizi-kalitatea hobetzeko dituzten eskubideak aldarrikatzea da", horrela adierazi dute antolatzaileek.
Ekitaldia, 11:00etatik 14:00etara, Bilboko Casilda Parkeko Pergolan izango da. Amaieran, FENEUMEko kideek idatzitako manifestua irakurriko dute.
"Eritasun neuromuskularrak sistema neuromuskularra kaltetzen dute gaixotasun talde heterogeneoa dira. Orokorrean, endekapenezkoak, herentziazkoak, genetikoak eta ezintasuna eragiten dutenak dira", azaldu dute elkarteek.
Horrela, "herritarrek autonomia ahalik eta denbora gehien mantentzeko" lan egiten dute, "batez ere menpekotasun fisikoa duten patologietan". Horrez gain, elkarteek lortu nahi duten helburu nagusia "osasun publikoak gaixoek doako fisioterapia izateko eskubidea onartzea da, beste edozein gaixotasunekin gertatzen den bezala".
Horregatik, " eritasun neuromuskularrek kaltetutako pertsona guztiak zaindu eta euren gaixotasunak ikertuko dituen Unitate Espezializatu bat sortzea ezinbestekoa" dela uste dute.