Gizartea -

Korrika

"Zirkorrika" abestiak girotuko du 20. Korrika

Xabier Zabala da musikaren egilea eta abestian hainbat artista ezagunek hartu dute parte.

20. Korrikaren bideokliparen irudia.
20. Korrikaren bideokliparen partaideak.
20. Korrikaren kantaren bideoklipa: ''Zirkorrika''

3:16

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Zirkorrika" abestiak girotuko ditu lasterkariak 20. Korrikan furgonetako bozgorailuetatik. Musikari ezagunek hartu dute parte abestian, eta Xabier Zabala da musikaren egilea, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ohiko kolaboratzailea.

AEK-ko eta Korrikako arduradunek asteazken honetan aurkeztu dute abestia, Iruñeko Kondestable jauregian egindako agerraldian. Abestiaren egile eta interpreteetako batzuk ere izan dira bertan.

Hainbat abeslarik eta musikarik interpretatu dute (Izaro abeslari gaztea, Petti beratarra, Miren Narbaiza –Napoka Iria–, Jurgi Ekiza –Willis Drummond– eta Oihana Fernandez –Afu taldeko abeslaria–) eta Jarauta 69 txarangako kideek jarri diote musika, Oreka TX txalapartariekin elkarlanean. Doinu balkanikoak gogora dakartzan abestia osatu dute guztiek, bizia eta alaia.

Agerraldian, Asier Amondo Korrikaren arduradunak "BatZuk" 20. Korrikako leloa izan du hizpide, abestian ere errepikatzen dena, hizkuntza indartzeko, norberak ere bat egin dezakeela gogoratzeko. "Hizkuntza, Kultura, Mundu 'bat' sendotzeko bidean, 'zuk' ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun", adierazi du.

Amondok eskerrak eman dizkio Iruñeko Udalari, eta agerraldia "harreman oparo baten lehen pausoa" dela esan du. Izan ere, 20. Korrika Otxandion hasiko da, martxoaren 30ean, eta Iruñean amaituko da, apirilaren 9an. Amaierako festa prestatzen hasi dira dagoeneko AEK-ko kideak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Korrika 2024 Euskal Autonomia Erkidegoa Kultura