Gizartea -
Hilketa
Hamazazpi urte eta erdiko zigorra, Gasteizen emaztea hiltzeagatik
Herri epaimahaiak erruduntzat jo zuen gizonezkoa joan den astean. Gainera, 700.000 euroko kalte ordaina eman beharko die hildakoaren guraso eta seme-alabei.
Agentziak | Erredakzioa
2015ean Gasteizen emaztea hiru labankadaz hil zuela aitortu zuen gizonezkoari hamazazpi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote, maltzurkeriaz hilketa egitea leporatuta.
Gizonezkoa joan den astean epaitu zuten, eta herri epaimahaiak erruduntzat jo zuen, senidetasun larrigarria eta aitorpen aringarria kontuan hartuta, hilketa egin zuelakoan.
Auziaren epaia gaur eman dute, eta Arabako Lurralde Auzitegiak hamazazpi urte eta erdiko kartzelaldia agindu du gertakariak izan zirenean 34 urte zeuzkan gizonarentzat. Gainera, hiru seme-alabetako bakoitzari 200.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio, eta 100.000koa biktimaren gurasoetako bakoitzari (Errumanian bizi dira, eta adingabekoen ardura hartu behar izan dute).
Epaileak guraso ahal kenduko dio ere gizonezkoari, eta emaztea zenaren senideengana gerturatzea debekatuta izango du hurrengo 28 urte eta erdian.
Gertakariak 2015eko apirilaren 2an jazo ziren: gizonezkoak lepoan bi labankada eta bularraldean labankada hilgarri bat eman zizkion 29 urteko emaztea zenari, etxean, horrek dibortziatu nahi zuela eta, 2, 8 eta 10 urteko seme-alabak aurrean zeudela. Epaiak dioenez, “umeak gertatzen ari zenaren jakitun izan ziren, eta betiko izango dituzte horren ondorioak”.
Horrez gain, frogatutzat jo dute biktima leihotik laguntza eskatzen saiatu zela, baina gizonak “lurrera bota zuen, leihora gerturatzea ekiditeko, eta, bere gorputza haren gainean bermatuta, buruan toalla bat eta aurpegian kuxin bat jarri zizkion, auzokideek garrasiak entzun ez zitzaten”.
Hilketa egin eta gero, gizonezkoa, kartzelan egon ondoren hiru egun lehenago Gasteizera Errumaniatik heldutakoa, Ertzaintzaren patruila bateko agenteengana hurreratu zen, eta emaztea hil zuela aitortu zien.
---------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.