Gizartea -
Indarkeria matxista
9 urteko zigorra Durangon bikotekideari sexu erasoa egin zion gizonari
Bizkaiko Auzitegiak kartzelaldi hori eta 15.000 euroko isuna ezarri dizkio Durangon 2014an bikotekideari eraso zion gizon bati.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri dio Durangoko herritar bati, 2014an, eztabaida bat izan eta gero, bikotekidea logelaraino arrastaka eraman, sexu erasoak egin eta zauritzeagatik.
Epaian, Auzitegiak sexu erasoaren delituan oinarrituta zigortzen du gizona, ahaidetasun astungarria aplikatuta.
Halaber, kartzela zigorra ezarri ez ezik, bost urtean biktimarengandik ehun metro baino gutxiagotara gerturatzea debekatu dio epaileak, eta emakumezkoari eragindako kalte moralengatik 15.000 euro eta lesioengatik 210 euro eman beharko dizkiola agindu ere egiten du idatziak.
Gertakari frogatuek jasotzen dutenez, erasotzailea, aurrekari penalak dituen gizona, bikotekidearekin Durangon bizi zela, emakumezkoari eskumuturretatik oratu zion, eztabaida baten ostean, eta hainbat kolpe eman ondoren sexu erasoa egin zion, "sexu gogoa asetzeko asmoz".
_________________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.