Gizartea -

Nafarroako Auzitegia

175.000 euroko kalte-ordaina, Vianan hildako gaztearen sendiarentzat

Ezbeharra 2015ean jazo zen, Asier Ballesteros Vianako etxabe batean jolasten zegoela, perdigoikada batek bularrean jo zuenean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Adingabeen epaitegiak 175.000 euroko kalte-ordaina finkatu du 2015ean Vianan (Nafarroa) perdigoikada batez hildako gaztearen sendiarentzat, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar baten bidez jakinarazi duenez asteazken honetan. Asier Ballesteros 15 urterekin hil zen, perdigoikada batek bularrean jota.

Epaiketa azaroaren 18an hasi zen, eta Ministerio Fiskalak, akusazio partikularrak eta defentsak lortutako akordioari esker, arduragabekeriazko homizidio delitu arindua egin zuelakoan epaitu zuten akusatua. Epaileak egindakoaz ohartarazteko neurriak ezarri zizkion. Halaber, armen erabileraren eta segurtasunaren inguruko ikastaro bat egitera behartu zuten, hiru hilabetez.

Gainera, Asier Ballesterosen hilketagatik bere sendiari ordaindu beharreko kalte-ordaina finkatu zuen epaileak. Mutikoa 15 urterekin hil zen, Vianako etxabe batean jolasten zegoela perdigoikada batek bularrean jota.

Epaiketa hasi aurretik, akusatuaren gurasoek 124.621,47 euro ordaindu zituzten. Fiskaltza ados agertu zen kopuru horrekin, baina hildakoaren familiarrek 248.700 euroko kalte-ordaina eskatu zuten epaiketa hasi zenean.

Epaian irakurri daitekeenez, Nafarroako Adingabeen epaitegiak 175.000 euroko kalte-ordaina finkatu du (akusatuaren gurasoek orain arte ordaindutakoa kontuan hartu behar da), Asier Ballesteros hil zenean soilik 15 urte zituela eta aurretik etorkizun oparoa zuela kontuan izanda. Erabaki horren aurrean helegitea aurkeztu dezakete.

Ondorioz, ezbeharra arduragabekeriazko homizidio bat izan zela ebatzi du epaileak eta ez du onartu arduragabekeria larria egin izana, akusazio partikularrak defendatzen zuen moduan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Viana bideoak Gaurko azken orduko albistea