Gizartea -
Hotz-bolada
Euskal Herria, dardarka: -9 ºC-raino jaitsi da bart termometroa
Iturrietako estazioan (Agurain) erdietsi dute marka. Goizaldea azken egunetako hotzena izan da.
EITB.EUS
Azken egunotako gaurik hotzenetakoa izan da San Sebastian egunekoa. Muturreko tenperatura baxuak eta izotza direla eta, abisu horian dago Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE). Datuak, horren lekuko: termometroa zeroz azpitik bederatzi graduraino jaitsi da bart.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak estazio sorta du EAEko hainbat tokitan, giroaren tenperatura, haizearen indarra edota prezipitazio datuak jasotzeko. Bart erregistratutako datue agerian utzi dute egoera: hotz egin du, bazterrak izozteraino.
Iturrietako estazio meteorologikoak (Agurain, Araba) jaso du gaueko marka: goizaldeko ordu bietan, termometroak -9,1 ºC adierazten zuen. Izan ere, Araba jo du gogorren hotz-boladak. Erroitegin (Arraia-Maeztu, Araba) ere, hotz handia zegoen ordu horretan: -7,4 ºC.
Bizkaiko udalerri hotzenetarikoa da Otxandio, hotzena ez bada (horri zor dio izena), eta hirugarren ageri da podium hotz honetan. Tenperatura minimoa 6,3 gradukoa izan da zeroz azpitik. Ozetako estazioa (Barrundia, Araba) zenbaki horretatik gertu geratu da: -6,1 ºC.
Gipuzkoak ere dar-dar egin du. Berastegin zeroz azpitik sei gradu izan dituzte 02:00etan.
Muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik ezarritako abisu horia 00:00etatik larunbateko 10:00ak arte egongo da indarrean.