Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen, emakumeei eraso egitea egotzita
Kalean bakarrik zeuden emakumeengana hurbiltzen zen, helbide bat galdetzeko aitzakiarekin, eta ukituak egiten zizkien.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak 31 urteko gizonezko bat atxilotu dute, Gasteizen hainbat sexu-eraso egin dituelakoan.
Bi aurrekari ditu, bata lapurretagatik eta bestea adingabe baten aurrean exhibizionismoa egiteagatik.
Ertzaintzak azaldu duenez, bizikletan ibiltzen zen hirian barrena, sarritan aurpegia estalita, eta kalean bakarrik ikusten zituen emakumeei egiten zien eraso, helbide bat galdetzeko aitzakiarekin haiengana hurbilduta. Ukituak egiten zizkien.
Udaltzaingoak 2016ko urrian jakin zuen gizonezko bat emakumeei erasoak egiten ari zela, Txagorritxu inguruan. Baina ezin izan zuten identifikatu.
Alabaina, orain egiaztatu ahal izan dute gizon horrek gutxienez beste eraso bat egin zuela joan den urteko uztailean. Goizeko 06:00ak inguruan jazo ziren gertakariak, Gasteizko erdigunean. Biktimak ez zuen orduan erasoa salatu, baina hilabete honetan berriro jazarri zuen gizon berak eta, ihes egitea lortu ostean, Ertzaintzarengana jo zuen, bi erasoen berri emanda.
Azken asteotan, Ertzaintza eta Udaltzaingoa herritarrak erasotzaileaz ohartarazten aritu dira. Gainera, sare sozialetan emakume gazte batek emandako abisu bati ere sinesgarritasuna eman diote.
Herritarrek erasotzaileari buruz egindako deskribapenak eta haren jarduteko moduaren harira emandako azalpenak aintzat hartuta, agenteek 31 urteko erasotzailea identifikatu eta epailearen esku utzi dute.
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak uste dute biktima gehiago egon daitezkeela eta salaketak jartzeko deia egin dute.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.