Gizartea -
1936-ko gerra
Duintasunaren Kolunbarioa urtarrilaren 30ean irekiko dute
Elgoibarren eraikitako kolunbarioan 1936ko Gerran desagertutako eta identifikatu gabeko pertsonen gorpuzkiak gordeko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Urtarrilaren 30ean inauguratuko dute Duintasunaren Kolunbarioa Elgoibarren. 1936ko Gerran desagertu ziren eta identifikatu gabe geratu diren pertsonen gorpuzkiak gordeko dituzte bertan. Identifikatuta dauden biktimen gorpuzkiak hara eramateko aukera ere izango da, senideek hala nahi izanez gero.
Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratuko du Duintasunaren Kolunbarioa. Ekitaldia Eusko Jaurlaritzak antolatu du, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Elgoibarko Udalarekin elkarlanean
27 lagunen gorpuzkiak (horietako 25 identifikatu gabekoak) hobiratuko dituzte, Elgoibarreko Olaso hilerriaren ondoan eraikitako gunean.
Ekitaldian, biktima horien senideak, historiari eta oroimenari lotutako elkarteak eta desagertutako pertsonen gorpuzkiak topatu zituzten herrietako udal ordezkariak izango dira.
Lehendakariak hitza hartu ostean, lore-eskaintza bat egingo dute, Duintasunaren eskulturaren aurrean, ekitaldia amaitzeko.
Eskultura Ignacio Arregik egin zuen. "Injustuki errepresaliatuak izan ziren pertsona guztiek duintasunarekin berriro topo egiten duten unea irudikatu nahi izan dut", azaldu du.
1936ko Gerran desagerrarazi zituzten lagunak bilatzea eta identifikatzea Eusko Jaurlaritzaren helburuetako bat da. Horretarako aurkeztu zuen 2015ean, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, hobiak topatzeko plan bat.
Egitasmo horrek 2020a arteko lana aurreikusten du, hobiak egon daitezkeela uste den tokiak ikertzean oinarritzen da eta Eusko Jaurlaritzak 2002an hasitako gorpuak lurpetik ateratzeko prozesuan du jatorria.