Gizartea -
NAFARROA
Sunbillan istripua izan zuen kamioilariak takografoa manipulatuta zuen
Hori dela eta, atxilotu egin dute, dokumentuak faltsutzea egotzita. Baimendutako alkohol tasa hirukoiztu egin zuen gidari poloniarrak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Atxilotu egin dute, atzo, Sunbillan istripua izan zuen kamioi gidaria, takografoa manipulatuta izateagatik, Foruzaingoak jakinarazi duenez. Horrez gain, baimendutako alkohol tasa hirukoiztu egin zuen kamioilari poloniarrak.
Dokumentuak faltsutzea egotzita atxilotu dute 33 urteko gidaria. Antza, ibilgailua martxan zela, atseden-orduak pilatzen zituen takografoan.
N-121-A errepidean gertatu zen ezbeharra, atzo gauerdian, Sunbillan. Kontrola galdu, eta 300 bat metro sigi-sagan egin ondoren, irauli egin zen kamioia. Gidaria Nafarroako Ospitalera eraman zuten, zauri arinekin. Hasieran, arau hauste larria egotzi zioten, baimendutako alkohol tasa gainditzeagatik.
Foruzaingoaren arabera, gaur goizean eramango dute epailearen aurrera, Iruñean.