Gizartea -
Abisu horia: haizea eta olatua
Haizeagatiko abisu horia, ostiral goizera arte indarrean
Larunbat goizaldean, berriz, beste abisu hori bat sartuko da indarrean, itsasaldeko arriskuagatik. Nafarroan ere, gogor joko du haizeak.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasuna Sailak abisu horia ezarri du EAEn, haizeak 100 kilometro orduko abiadura gaindi baitezake datozen orduotan. Abisua 18:00etan sartuko da indarrean, eta ostiral goizera arte egongo da indarrean.
Euskalmetek egindako iragarpenaren arabera, hego-osagaiko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki mendi inguruetan. Araban eta Gipuzkoan, hego-osagaiko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki ekialdean. Bizkaian, orduko 60 eta 80 kilometro arteko abiadura hartuko duten haize-boladak espero dira.
Hego-haize horren poderioz, tenperaturek gora egingo dute ostiralean. Horrenbestez, tenperatura hauek espero dituzte euskal hiriburuetan: Gasteizen, minimoa 2 ºC eta maximoa 9 ºC; Donostian, minimoa 8 ºC eta maximoa 14 ºC, eta Bilbon, minimoa 7 ºC eta maximoa 15 ºC.
Abisu horia olatuengatik
Bestalde, larunbat goizaldean, 04:00ak eta 06:00ak bitartean, itsasaldeko arriskuagatik jarriko dute indarrean abisu horia. Hiru metrorainoko olatuak egotea aurreikusi dute.
Nafarroan ere, haizea
Aemetek egindako iragarpenaren arabera, Nafarroan ere ezarri dute abisu horia, 95 kilometro orduko abiadura harrapa dezaketen haize-boladak izatea espero baitute. Horrez gain, zero azpitik lau graduko tenperatura egitea espero dute Ebroko Erriberan eta isurialde atlantikoan.