Gizartea -
Nafarroa
Zortzi urteko espetxe zigorra, emakume bati tratu txarrak emateagatik
Ia sei urtez behin eta berriz eman zizkion tratu txarrak emakumeari, baita espetxealdian egonda, baimenarekin kalera atera izan zenean ere.
Agentziak | Erredakzioa
Zortzi urte eta hamaika hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Nafarroako Auzitegiak 52 urteko gizonezko bati, emakume bati hainbat aldiz tratu txarrak ematea eta lesioak eragitea egotzita. Espetxealdian egonda ere, baimenarekin atera izan zenean, bat baino gehiagotan eraso egin zion emakumeari.
Ebazpenaren arabera, 2009an hasi ziren erasoak. Gizonak jarrera oso oldarkorra zuen, eta behin eta berriz kolpatzen eta iraintzen zuen emakumea. Biktimak hainbat salaketa jarri zituen, eta, orduan ere, kartzela zigorra ezarri zioten gizonezkoari.
2015ean, espetxeko baimenarekin kanpora atera zenean, kalean topo egin zuen emakumearekin, eta kolpatu egin zuen, horma baten kontra jarrita. Handik hilabete batzuetara, baimen bat aprobetxatuz, berriro, emakumearen etxera joan zen, eta gorputz osoan kolpe oso gogorrak eman zizkion. Ospitalean artatu behar izan zuten emakumea, eta handik etxera itzuli zenean, zain zuen erasotzailea, eta berriro jipoitu zuen.
Eraso horiek guztiak direla eta, zortzi urte eta hamaika hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, tratu txarrak, zigorra haustea, lesioak eragitea eta bortxa delitua leporatuta. Auzipetuak helegitea aurkez dezake.
-------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.