Gizartea -

Lur-jausia Bergaran

Luiziak Bergaran kaltetutako bi familia bihar itzuliko dira etxera

Gainerako bost familiek etxetik kanpo jarraitu beharko dute, segurtasun baldintzak guztiak bermatuta daudela egiaztatu bitartean.

Bergarako Bolu auzoan izandako luizia. Artxiboko argazkia: EFE
Bergarako Bolu auzoan izandako luizia. Artxiboko argazkia: EFE
Larrialdi egoera amaitutzat eman du udalak

1:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela hiru aste Bergarako Bolu auzoan izandako luiziak kaltetutako zazpi familietatik bi etxera itzuliko dira astearte honetan, larrialdi egoera amaituta, Elena Lete alkateak ohar bidez jakinarazi duenez.

Gainerako bost familiek, berriz, etxetik kanpo jarraitu beharko dute oraingoz. Horietako bi senideen etxeetan daude eta beste hirurak Udalak utzitako pisuetan ari dira bizitzen.

"Gainerako familiak etxera noiz itzuli ahal izango diren ez dakigu, baina konpromisoa hartu dugu ematen diren urrats guztiak haien jakinaren gainean jartzeko", erantsi du alkateak oharrean.

Bost familia horien etxebizitzek oraindik ez dituzte bertan bizi ahal izateko baldintza guztiak betetzen eta, ondorioz, ezin dira etxera itzuli. Alabaina, seguru-etxeetako adituekin sartzeko aukera izango dute.

Larrialdi egoera amaitutzat ematen den unetik aurrera, ardura ez da Udalarena izango, "egoeraren jarraipena" egingo badu ere.

Geologoz osatutako talde batek mendi-magala aztertzen jarraituko du aurrerantzean eta makina bat eramango dute bertara, balizko lur mugimenduak antzemateko eta beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartzeko.

Lur-jausia urtarrilaren 16an izan zen. Guztira, 21 familia atera zituzten etxetik. Horietako 14 biharamunean bueltatu ahal izan ziren eta gainerakoek etxetik kanpo jarraitu behar izan zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Gizartea bideoak Bergara Eguneko albisteak Etxebizitza gaur Harri-jausiak Debagoiena gaur