Gizartea -

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA

Sei urteko espetxe zigorra, emakume bat hiltzen saiatzeagatik Bilbon

Gizonezkoak emakumeari buruan hainbat kolpe eman zizkion mailu batekin, mailua puskatzeraino. Ondorioz, biktimak burezurreko traumatismoa izan zuen.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sei urteko espetxe zigorra ezarri dio gizonezko bati Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, emakume bat hiltzen saiatzea egotzita. Bilbon gertatu zen erasoa, 2015eko maiatzaren 6an. Gaur kaleratutako ebazpenaren arabera, mailu batekin kolpatu zuen erasotzaileak emakumea, "hiltzeko helburuarekin".

Epaileak idatzian zehaztu duenez, gizonezkoak emakumearekin sexu-harremanak izatea adostu zuen, diruaren truke. Bilboko etxebizitza baten elkartu ziren, eta bertan zeudela, gizonezkoak emakumeari buruan hainbat kolpe eman zizkion mailu batekin, mailua puskatzeraino. Ondorioz, emakumeak burezurreko traumatismoa izan zuen. 82 egun behar izan zituen osatzeko.

Akusatuak aitortu egin zuen erasoa Poliziaren aurreko deklarazioan.

Hilketa saiakera egotzita, sei urteko espetxe zigorra ezarri dio epaileak. Biktimari 6.800 euroko kalte-ordaina ordaintzera ere zigortu dute, eragindako lesioengatik.

Ebazpena irmoa da, eta aldeek dagoeneko iragarri dute ez dutela errekurrituko.

-----------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Epaiketak bideoak Gizartea Albisteak Gaur Albisteak