Gizartea -

Bizkaia

LABek salatu du sexu erasotzaile bat suhiltzaileetan sar litekeela

LABek zer neurri hartuko dituen galdetu dio Bizkaiko Aldundiari, sexu erasotzaile bat suhiltzaileetan sartzeak "ezegonkortasuna" ekarriko lukeelako "berdintasun politika instituzionaletan".

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuak salatu du sexu erasotzaile bat Bizkaiko suhiltzaileen parte izan litekeela, indarrean dagoen lan eskaintza publikoan emaitza onak dituelako. "Gutxienez, lan poltsaren parte izango da, eta baliteke plaza lortzea karrerako funtzionario izateko".

Zentral abertzaleak azaldu duenez, sexu erasotzaileari hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten 2010eko ekainean, hiru emakumeri sexu abusuak egiteagatik.

Dena dela, gizonak "ez zuen zigorra bete, Espainiako Gobernuak indultatu zuen lehen sexu erasotzailea izan baitzen".

LABen esanetan, "paradoxikoa da Rodriguez Zapateroren Gobernuak Berdintasun Legea onartu izana eta sexu erasotzaile bat indultatu izana".

Sindikatuak gogorarazi du indultu horrek "polemika" piztu duela, eta gizonaren aurka "arbuio soziala" dagoela. Gainera, egindakoa aitortu beharrean, Durangoko mugimendu feministako kide baten aurka salaketa jarri zuela gaineratu du.

Hori guztia dela eta, zer neurri hartuko dituen galdetu dio LABek Bizkaiko Aldundiari, sexu erasotzaile bat suhiltzaileetan sartzeak "ezegonkortasuna" ekarriko lukeelako "berdintasun politika instituzionaletan". Halaber, emakume suhiltzaileekin sexu erasotzaile batek lan egitea egoki iruditzen zaion argitzea ere eskatu dio.

LABek "zero tolerantzia" agertu du indarkeria matxistaren aurrean, eta "onartezin"tzat jo du zigorra bete ez duen sexu erasotzaile bat suhiltzaileetan sartzea.

Horregatik, deia egin die Aldundiari, gainerako sindikatuei eta eragile sozialei salaketarekin bat egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Bizkaia LAB Lana berriak Eguneko albisteak Suhiltzaileak