Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Emakume bati Gasteizen egindako sexu erasoa ikertzen ari dira
Emakumeak Diputazio kaleko taberna batean aurkitu du babesa. Aurpegian bi kolpe zituen, hanka batetik odola zerion eta erdi biluzik zegoen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaur goizean Gasteizko etxebizitza batean izandako sexu eraso bat ikertzen ari da Ertzaintza.
Lekukoek Efe albiste agentziari adierazi diotenez, goizeko hamarrak aldera emakume bat Diputazio kaleko taberna batera sartu da babes bila, eta bortxaketa bat jasan duela salatu du.
Emakumeak aurpegian kolpeak eta hankan zauriak zituen, eta oinutsik eta erdi biluzik zegoen.
Tabernako langileek Ertzaintzari abisua eman diote eta bertaratutako osasun langileek emakumea artatu dute. Gerora, Txagorritxuko ospitalera eraman dute.
Ertzaintzak sexu eraso kasuetarako protokoloa aktibatu du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Efe albiste agentziari baieztatu dionez. Bortxaketa izan den ala ez ikertzen ari dira. Emakumeak ez du oraingoz salaketarik aurkeztu.
-----------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.