Gizartea -
Bilbo
Garbiketa ibilgailuetan atzerako martxarako alarmak jarriko dituzte
Urtarrilean, Deusto auzoan, 67 urteko emakumezko bat hil zen, garbiketa ibilgailu batek harrapatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Udalak ostiral honetan jakinarazi duenez, hiriko garbiketa ibilgailuetan atzerako martxarako alarmak jarriko dituzte, sistema hori ibilgailu guztietan instalatzea derrigorrezkoa izan ez arren.
Urtarrilaren 25ean 67 urteko emakume bat hil ostean hartu du erabakia Udalak. Ezbeharra Deusto auzoan jazo zen, garbiketarako udal-zerbitzuaren ibilgailu batek atzera egin eta oinezkoa harrapatu zuenean.
Hala, oinezkoen segurtasuna indartzeko beste neurri batzuk hartuko dituela iragarri du Bilboko Udalak. Ildo horretatik, garbiketa ibilgailuetako atzeko partean kamerak jarriko dituzte, gidariak inguruan gertatzen den guztia ikus dezan.
Dena dela, Ricardo Barkala Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren zinegotziak esan du segurtasun neurriak indartu arren ezin dela ziurtatu etorkizunean ez dela istripurik izango. Ildo horretatik, garbiketa ibilgailuek eta oinezkoek kalean topo egiten dutela esan du, eta pertsona guztiek akatsak egiten dituztela gaineratu du.