Gizartea -
Droga-trafikoa
Hiru atxilotu Bilbon, 450 kilo haxix zituztela
Bilboko Udaltzaingoak inoiz atzemandako droga-kopuru handiena da.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Udaltzaingoak bi autotan 450 kilo haxix zeramatzaten hiru pertsona atxilotu ditu. Udaltzainek inoiz atzemandako droga-kopuru handiena da.
Atzemandako droga oso purua da, eta, merkatuan salduz gero, 2.500.000 euro balioko luke. Gaur goizean hedabideei erakutsi diete droga Udaltzaingoak Miribillan duen egoitzan. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ere egon da.
Udaltzainek joan den ostegunean harrapatu zituzten atxilotuak. 450 kilo haxix zeramatzaten bi autotan, 33 kiloko fardeletan banatuta.
Horrez gain, 3.000 euro ere atzeman zizkieten dirutan, baita suzko arma bat ere, tiro egiteko prest.
Azken asteotan Bilboko Udaltzaingoak egindako bigarren operazio garrantzitsua da. Izan ere, joan den otsailaren 15ean beste hiru pertsona atxilotu zituen, penintsula iparraldean droga trafikatzen zuen banda garrantzitsueneko kide izatea leporatuta. Operazio hartan 14 kilo droga atzeman zituzten.