Gizartea -

Indarkeria matxista

Emakume bat hil du bikotekideak Vicalvaron (Madril)

Etxebizitza batean gas leherketa bat izan da, eta, emakume bat hiltzeaz gainera, gizonezko bat larri zauritu da.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon batek bikotekidea hil du Vicalvaron (Madril). Gaur goizean, emakume baten hilotza eta larri zauritutako gizonezko bat aurkitu dituzte herri horretako etxebizitza batean, gas leherketa izan ondoren, eta genero indarkeria kasu bat dela da Poliziaren hipotesi nagusia. Horren haritik, gizonezkoa atxilotu egin dute.

Leherketa 10:30ean gertatu da, San Ciriaco kaleko bosgarren zenbakia duen atariko etxebizitza batean. Leherketa gertatu den tokira joan diren agenteek, suhiltzaileek eta larrialdi zerbitzuetako kideek gas usain handia antzeman dute.

Etxebizitzaren barruan, 32 urteko emakumezko baten hilotza (zauri sakonak zituen lepoan) eta adin bereko gizonezko bat aurkitu dituzte. Gizonezkoa larri zaurituta zegoen, eta anbulantzian eraman dute Madrilgo La Paz ospitaleko Erredura Handien Unitatera.

Gasaren pasabidea manipulatuta zegoela egiaztatu dute teknikariek, eta, hori dela eta, leherketa nahita eragindakoa izan daitekeela uste dute. Poliziaren hipotesiaren arabera, gizonezkoak emakumezkoa hil du, eta bere buruaz beste egiten saiatu da gero. Emakumezkoak lepoan zuen zauria leherketa izan aurretik edo ondoren egindakoa den ikertzen ari dira.

Autopsiak argituko du haren heriotza zerk eragin duen.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea Madril albisteak gaur