Gizartea -
Obrak
Apirilean hasiko dira Arabako Unibertsitate Ospitalea handitzeko lanak
Beste aparkaleku batzuk ipiniko dituzte martxan obrek sortutako eragozpenak saihesteko.
Agentziak | Erredakzioa
Jon Darpon Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Arabako Unibertsitate Ospitalea handitzeko lanen berri eman dute gaur goizean. Prentsaurrekoan adierazi dutenez, obrak egiten diren bitartean, beste aparkaleku batzuk ipiniko dituzte erabilgarri, erabiltzaileei eragozpenak murrizteko.
Darponek iragarri duenaren arabera, Txagorritxuko zati bat botako dute, ospitalea handitu eta eraikin berria egiteko, eta obrek bi hilabete eta erdi iraungo dutela gaineratu du. Ondoren, zerbitzu orokorretarako eraikin berria egingo dute, eta lan horiek 30 hilabetean amaitzea espero dutela esan du Osasun sailburuak.
Sailburuaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euro emango ditu lan horiek egiteko, eta eraikin berriko eremuek arreta hobetuko dute, "arabarrak hobeto artatzeko".
Gaur egun, honako eremu hauek daude martxan Txagorritxun: Eguneko Medikuntza Ospitalea, Eguneko Onkologia eta Hematologia Ospitalea, eta Onkologia Ospitaleratze Unitatea.