Gizartea -
EPAIKETA
Bilbon gizon bat hil zuen emakumea errudun jo du epaimahaiak
Epaia irakurri ondoren, Fiskaltzak eta defentsak 12 urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatu dute auzipetuarentzat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2015eko uztailean Bilbon labankadaz gizon bat hil zuen emakumea errudun jo du Bizkaiko Lurralde Auzitegiko epaimahaiak. Emakumeak bikotekidea hil zuela aitortu zuen epaiketan, baina hilketa ez zuela aurrez prestatu esan zuen epailearen aurrean.
Hilketa delitua leporatu diote emakumeari, eta hilketa burutzeko bere nagusitasun egoera erabiltzea astungarri gisa ezarri diote.
Epaia irakurri ondoren, Fiskaltza eta defentsa bat etorri dira auzipetuarentzat 12 urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatzean. Hildako gizonaren bi semeei 36.000na euroko kalte-ordaina ere eman beharko die gainera. Epaimahaiak atzera bota du auzipetuari indultua emateko aukera.
2015eko uztailean izan zen hilketa, Bilboko Abusu auzoan. Bularraldean 31 labankada jaso zituen 59 urteko biktimak.