Gizartea -
Lantaron-en
Lantarongo erasoaren arduradun nagusia aske uztea erabaki du epaileak
Orotara 17 eta 21 urte arteko bost gazte atxilotu ditu Ertzaintzak asteburuan. Denak aske gelditu dira poliziaren aurrean deklaratu ondoren. Auzipetu nagusia epailearen aurrean agertu beharko da.
Erredakzioa
Lantarongo enpresa bateko lau langileei emandako jipoiaren ustezko egile guztiak atxilotu ditu Ertzaintzak asteburuan. Langileak senegaldarrak dira, eta erasotzaileen artean enpresatik kaleratu zuten gazte bat dago, jarrera xenofoboa izateagatik.
Orotara 17 eta 21 urte arteko bost gazte atxilotu ditu Ertzaintzak asteburuan. Ertzaintzak ohar batean jakinarazi duenez, gazteek enpresa kanpoan jipoitu zituzten langile senegaldarrak, burdinezko barra bat erabilita.
Erasoaren ustezko arduradun nagusia aske utzi du epaileak, baina hilean hirutan epaitegira azaltzeko agindu dio. 21 urteko gaztea da eta bera da ustez erasoarekin zerikusi zuzena izan zuena.
Erasoaren ondorioz, Miranda de Ebroko Ospitalera eraman behar izan zituzten. Iragan astean, lau senegaldar zauritu zituzten, horietako bat oso larri.
Ostiralean, 19 urteko gazte bat auzipetu eta 17 urteko bigarren pertsona bat atxilotu zuten. Larunbatean beste hiru lagun atxilotu zituen Ertzaintzak, 17 urteko neska bat eta 18 urteko bi mutil. Poliziaren aurrean deklaratu ondoren, aske utzi zituzten.