Gizartea -
Jazoera
Emakume baten heriotza ikertzen ari dira Sevillan
Gizonezko bat identifikatu eta atxilotu dute, heriotzarekin lotura duelakoan. Emakumearen hilotza Pilas udalerriko bide batean aurkitu dute, lepoan bi ebaki zituela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
50 urteko emakumezko bat hilik aurkitu dute igande honetan Pilas udalerrian (Sevilla). Jose Leocadio Ortega Pilaseko alkateak jakinarazi duenez, emakumearen gorpua olibondo-bide batean aurkitu dute igande honetako 08:30ak aldera, arma zuriz eragindako bi ebaki zituela lepoan.
Gainera, Santillaneko bide batean 34 urteko gizonezko bat identifikatu eta atxilotu dute, horren heriotzarekin lotura duelakoan. Ez dituzte atxilotuaren datu gehiagorik zabaldu.
Ikerketaren iturriek jakinarazi dutenez, atxilotua Pilaseko auzokidea da, eta emakumezkoaren gorputza aurkitu zuen lehena. Guardia Zibilari esan zion zauriak zituela beste bi gizonezkoekin liskarra izan ostean, baina azkenean atxilotu egin zuten, eta bihar eramango dute epailearen aurrera.
Pilaseko alkateak adierazi duenez, ikerketak zabalik jarraitzen du. "Guardia Zibilak babestutako lekuko bat dute, eta jazotakoan ez du parte hartu furgoneta zuririk ezta lagun atzerritarrik ere". Momentuz ez dute argitu genero indarkeriarekin lotutako kasurik ote den.