Gizartea -
PASAIA-DONOSTIA
Ehunka lagunek hartu dute parte arrazakeriaren kontrako martxan
Trintxerpetik Donostiara oinez joan dira, asilo eskubidea eta errefuxiatuei harrera duina egitea aldarrikatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
800 bat lagunek hartu dute parte Arrazakeriaren Kontrako XXI. Martxan. SOS Arrazakeriak, Medicus Mundi Gipuzkoak eta ONGD Euskadi Koordinadorak deituta, Trintxerpetik Donostiarako bidea oinez egin dute, errefuxiatuen eskubideak berma daitezela eskatzeko.
57 gizarte taldek baino gehiagok babestu dute gaurko martxa, eta 'Soluzioak: asilo eskubidea eta harrera eraginkorra' lelopean egin da.
"Europar Batasunak baditu tresna materialak eta teknikoak errefuxiatu gehiago eta baldintza hobeetan hartzeko, baina horretako beste politika bat beharrezkoa da", esan du antolatzaileek.
Errefuxiatuen krisiari aurre egiteko Europak hartutako neurriak salatu dituzte, "egungo beharrei ez dietelako erantzuten". Politika horien ondorioz, martxaren deitzaileek esan dutenez, errefuxiatuen eskubideak ezerezean geratzen dira, nazioarteko gutxieneko akordioak ere ez direla betetzen. "Egoera horrek milaka hildako uzten ditu egunero", esan dute.