Gizartea -
Donostiako garraioa
Bat eta Barik garraio txartelak, Dbuseko linea guztietan erabilgarri
Horrenbestez, txartel horiek erabiltzen dituztenek Donostiako hiri autobusen konpainiako linea guztietan hobaridun tarifak eskura ditzakete.
Agentziak | Erredakzioa
Bat (Araba) eta Barik (Bizkaia) garraio txartelak erabiltzen dituzten pertsonek Dbus Donostiako hiri autobusen konpainiako linea guztietan ordaintzeko erabili ditzakete dagoeneko. Joan den otsailean hasi zen interoperabilitate proiektua Dbusen 45. linean, Gipuzkoako Garraio Agintaritzak, Dbusek eta Donostiako Udalak izenpetutako hitzarmenari esker.
Orduz geroztik, astero Dbuseko gainerako lineatara zabaltzen joan da proiektua, eta, horri esker, erabiltzaileek berdin erabili ditzakete Mugi, Bat eta Barik txartelak bidaia ordaintzeko. Dbuseko zerbitzuen puntualtasuna eta abiadura komertziala ere hobetu da horrekin, bere arduradunek nabarmendu dutenez.
Horrela, Bat eta Barik txartelen erabiltzaileek hobaridun tarifa eduki ditzakete Donostiako hiri autobusen sare osoan, eta txartel anonimoek, gainera, baliozkotze bat baino gehiago egiteko aukera ematen dute. Horretarako, bidaia txartelak ordaintzeko makina berriak jarri dira Dbuseko autobusetan eta gidariek prestakuntza zehatza jaso dute. Makinak gidariaren ondoan egongo dira, Bat eta Barik logoekin identifikatuta.
Neurri honekin "aurrera egiten da Euskadin bidaia txartel bakarra lortzeko bidean". Une honetan dauden hiru garraio txartelak egokitzea (Bat, Barik eta Mugi) eta euskal garraio publikoko sare osoan berdin erabili ahal izatea da helburua. Proiektua hainbat erakunde eta operadoreren laguntzari esker burutzen ari da, besteak beste, Eusko Jaurlaritzarena, Euskadiko Garraio Agentziarena (EGA), Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritzarena (GGLA), Bizkaiko Garraio Partzuergoarena (BGP), Arabako BAT txartelaren Erakunde Kudeatzailearena eta Dbusena.