Gizartea -
Kataluniak debekatu egin ditu
Zezenketen balizko debekua ez dago euskal alderdien agendan
EAJk, EBk, EAk eta UPyDk ez dute argitu zer bozkatuko luketen eztabaida Eusko Legebiltzarrera iritsiko balitz. PSEk, "seguru aski", nahi dutena bozkatzeko baimena emango lieke bere legebiltzarkideei.
Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 1ean Katalunia zezenketarik gabeko erkidegoa izango da, Kanariar Uharteak bezala. Izan ere, lurralde hartako Parlamentuak debekatu egin zituen atzo, 68 diputatuk alde bozkatuta. 55k aurka egin zuten, eta 9 abstenitu ziren.
Euskadin zaila dirudi balizko debekua epe laburrera edo ertainera heltzea, oraingoz alderdi gehienek ez baitute sustatu nahi eztabaida.
Hori horrela, EAJk esan du "errespetatu" egiten duela Kataluniako Parlamentuaren erabakia, baina ez du argitu Euskadin zezenketak debekatzearen aldekoa den.
Blanca Roncal legebiltzarkide sozialistak nabarmendu du eztabaida ez dagoela gai-zerrendan, baina Gasteizko Ganberara iritsiko balitz, PSE-EEk haren parlamentarioei nahi dutena bozkatzeko baimena emango liekeela ziurtatu du, hots, PSCk eta CiUk Katalunian egin bezala.
EBk, EAk eta UPyDk ere ez dute argitu euren jarrera, baina bai PPk (debekuaren aurka) eta Aralarrek (alde).
Testuinguri honetan, animalien eskubideen aldeko ATEA elkarteak Euskadin zezenketak debekatzea eskatzeko kanpain bat aurkeztuko du gaur goizean, Gasteizen.
Beste muturrean, Bilboko Cocherito klubak, munduko elkarte zezenzale zaharrenak, adierazi du ez dela balizko debekuaren beldur: "Euskadin errotuagoa dago festa, Katalunian baino babes sozial handiagoa dauka".