Politika -
Bozketa Parlamentuan
Kataluniak debekatu egin ditu zezenketak
- Proposamenak aldeko 68 boto izan ditu, aurkako 55 eta 9 abstentzio.
- Debekua 2012ko urtarrilean sartuko da indarrean.
- Kanariar Uharteek ere debekatu zituzten zezenketak, 1991n.
Erredakzioa
Kataluniako Parlamentuak 2012tik aurrera zezenketak debekatzea erabaki du gaur, 180.000 hiritarrek babestutako ekimena babestuta.
Hori horrela, Estatuan zezenketa debekatu duen bigarren erkidegoa da Katalunia (1991. urtean, Kanariar Uharteek ere debekatu zituzten).
2004ko apirilean, Bartzelona tauromakiaren aurka agertu zen lehen hiria izan zen Estatuan, Udalak hala onartu baitzuen adierazpen batean.
Gaur, debeku proposamenak 68 boto izan ditu alde, 55 aurka eta 9 abstentzio. Aldeko 68 botoetatik, 32 CiUrenak eta hiru PSCrenak izan dira. Begirada guztiak alderdi horietan zeuden, nahi zutena bozkatzeko baimena eman baitzieten haien diputatuei, eta haien esku zegoen, hain zuzen ere, ekimena onartzea edo errefusatzea.
Aurreikusita zegoenez, ERCko 21 diputatuek eta ICV-EUiAko 13ek ere bozkatu dute debekuaren alde.
Aurka, aldiz, PPko 14ek, Ciudadanseko hirurek, CiUko zazpik eta PSCko 31k egin dute. Halaber, CiUko sei eta PSCko hiru abstenitu egin dira.
Montilla, debekuaren aurka
Bozketaren ostean eskainitako prentsaurreko batean, Jose Montilla Generalitateko presidentea debekuaren aurka agertu da, "askatasunean sinisten baitut", eta eztabaida Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremanen termometro izan dela uste dutenak "oker" daudela esan du.
Presidenteak gogorarazi du ekimena ez dutela Gobernuak ezta alderdiek ere abiatu, baizik eta herritarrek, eta erabakia debeku legal baten bidez baino, eztabaida "normaldu" baten ondorio izatea nahiago zuela.
Nolanahi ere, Kataluniako Parlamentuaren erabaki "subiranoa" errespetatu egiten duela ziurtatu du.
Ekimenaren sustatzaileek: "Oraindik asko dago egiteke"
Bere aldetik, herri ekimen legegilea sustatu duen Prou! plataformak adierazi du debeku honi jarraipena eman behar zaiola beste lekuetan, oraindik "asko" baitago egiteke.
"Gaur amaitu egin da bost mendeko krudelkeria, eta gaurtik etika ere kontuan hartu beharko da gure tradizioei buruz hausnarketa egiteko", esan du Elena Escoda plataformako kideak.
Ekintzaileak eskertu egin du Kataluniako gizarteak emandako eta Espainiako beste hainbat tokitatik eta nazioartetik jaso duten babesa, eta tauromakiara diru publiko gehiago ez bideratzeko eskatu du.
Prentsaurrekoan agertzen ari zen bitartean, debekuaren defendatzaileek poz handia erakutsi dute Ganberaren barruan.
Zezenketen aldekoek Konstituzionalera joko dute
Luis Corrales Festaren Aldeko Plataformako bozeramaileak iragarri du Auzitegi "Konstituzionalera eta behar den lekura" joko dutela debekuaren aurka.
Corralesek kritikatu du CiUk "engainiatu" egin dituela: "Itxaropena eman zigun eta eztabaida zentzuduna egingo zutela esan zigun, baina Prouiren eskutik joan dira, zezenketak debekatzea baino ez zuten nahi".
Talde horretako kideek irainak esan dizkiete CiUk diputatuei Parlamentutik ateratzen ari zirenean, eta Esquadra Mossoek esku hartu behar izan dute zenbait aldiz, erasoak galarazteko.
PPk ere debekuaren aurka egingo du. Izan ere, Diputatuen Kongresuan legea baliogabe uzten saiatuko direla aurreratu du Alicia Sanchez-Camacho PPCko presidenteak.
Hain zuzen ere, Kongresuak zezenketak "interes kultural" izendatzea eskatuko dute, erkidego autonomoek debekuak ezartzea galarazi ahal izateko.