Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Lau atxilotu Nafarroan, sexu askatasunaren kontrako delituak egotzita

23 eta 41 urte bitarteko lau gizonezko atxilotu dituzte. Erasoak Berriozarren, Iruñean, Burlatan eta Tuteran gertatu dira.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Foruzaingoak lau ginezko atxilotu ditu Nafarroan, sexu askatasunaren kontrako delituak egotzita. Nafarroako Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, erasoak Berriozarren, Iruñean, Burlatan eta Tuteran gertatu dira.

Atxilotuetako bat 41 urteko Berriozarko bizilaguna da, eta adingabe bati sexu ukituak egitean leporatu diote. Saltokiko segurtasun kamerek ukituak grabatu zituzten. Biktimak eta haren gurasoek Udaltzaingora jo zuten eta salaketa jarri zuten Foruzaingoaren aurrean. Atxilotuak 40tik gora aurrekari ditu, eta Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiaren aurrean deklaratu zuen.

Halaber, Foruzaingoak 34 urteko iruindar bat atxilotu zuen Iruñean, sexu eraso delitua leporatuta. Biktimak —adingabea— haren ahizparen senar ohiak urteetan egindako sexu erasoak salatu zituen. Halaber, gertatutakoa ez kontatzeko mehatxu egin zien ustezko erasotzaileak biktimari eta emazte ohiari. Atxilotuak epailearen aurretik igaro zen eta instrukzioak irauten duen bitartean biktimarengana hurbiltzeko eta harekin harremanetan jartzeko debekua ezarri zion epaileak.

Hirugarren atxilotua Burlatako 32 urteko bizilaguna da. Biktimak —ezgaitasuna duen 20 urteko emakumea— salaketa jarri zuen Nafarroako Foruzaingoan eta foruzainei kontatu zienez, haren osabak sexu erasoak egin zizkion azken urtebetean. Atxilotua epailearen aurretik igaro da dagoeneko.

Azkenik, Nafarroako Foruzaingoak Arnedoko 23 urteko bizilagun bat atxilotu zuen Tuteran, 18 urtez azpiko arrebaorde bati sexu abusuak egitea leporatuta. Ofizioz abiatu zuen ikerketa epaitegiak, mediku batek parte eman ostean. Atxilotuak Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiko epailearen aurretik pasatu da.

_____________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Indarkeria matxista Albisteak Nafarroa Tutera albisteak Gizartea bideoak Burlata albisteak Eguneko albisteak